Pasa den urtean hil ziren Nerea Iribar eta Andoni Galarraga getariar gazteak. Haien lagunek, “2022 honetan hasita, urtero bien omenaldi modura”, pala memoriala antolatuko dute. Izan ere, azaldu dutenez, biak ziren kirolzaleak eta “biek konpartitzen zuten afizioetako bat ziren palak”.

Goiz batean jokatuko dute memoriala, ekainaren 11n, hain zuzen ere; 09:30 aldean hasi eta 15:30 inguruan amaitzea aurreikusten dute. Norgehiagokak, eguraldi ona bada, frontoian jokatuko dira, bestela, kiroldegian.

16 urtetik gorako bikote mistoek har dezakete parte eta izen-ematea maiatzaren 4tik 31ra egongo da zabalik. Posta bidez egin beharko da, palamemoriala@gmail.com helbidean. Doakoa izango da eta apuntatzen diren lehen 16 bikoteek hartuko dute parte memorialean.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, kanporaketa sistema erabiliko dute, hau da, irabazten duten bikoteek soilik jarraituko dute aurrera. Hala, final zortzirenetako zortzi partida, final laurdenetako lau, final erdietako bi eta finala jokatzea aurreikusten dute. Izena ematen duen bikote kopuruaren arabera erabakiko dute partidak 10, 12 edo 16 tantura jokatu.

Parte-hartzaile guztiek memorialerako prestatutako kamiseta teknikoa jasoko dute, eta finalera heltzen diren bikoteek memorialaren babesleek emandako detaile bana ere bai.

“Elkarren arteko laguntasuna loratzen jarraitzeko” memorial honetan, haurrentzako txoko bat ere egongo dela iragarri dute, “familian gerturatu nahi dutenek erraztasunak izan ditzaten”.