Hilaren 29an, igandean, Espainiako Dantza Konpainia Nazionalak dantza emanaldia egingo du Kursaal Auditorioan, Donostian. Hain justu, espainiar erromantizismoaren ikuspegitik sortutako eta Gustavo Adolfo Bécquerren poesian inspiratutako Giselle balletaren bertsioa aurkeztuko dute.

Ikuskizunera joan nahi duten getariarrek autobusa doan izango dute. Saioa 19:00etan hasiko da eta autobusa 17:50ean pasako da herriko geltokitik. Interesatuek aurrez erreserbatu beharko dute lekua; horretarako azken eguna maiatzaren 23a, astelehena, izango da. Autobuserako izen-ematea infoturismo@gmail.com posta elektronikora idatzita ala 943 14 09 57 telefono zenbakira deituta egin beharko da.

Emanaldirako sarrerak, berriz, norberak eskuratu beharko ditu. Horiek Kursaalaren web atarian daude erosgai. Langabetua edo 30 urtetik beherakoa izanez gero, sarrerak hiru euroren truke eros daitezke. Horretarako, 943 14 09 57 telefono zenbakira deituta, sarrera erreserbatu eta kontzertuaren egunean, lehiatilan bertan ordaindu beharko da –lekua leihatilan erabilgarri dauden sarreren araberakoa izango da–.