Kirol kazetaritzan egiten duen lanagatik da ezagun Kepa Iribar getariarra. Oraingoan, ordea, literaturara egin du salto eta atzo aurkeztu zuen bere lehen liburua: 72 ordu. Bertan, Getariarekin oso lotutako gaia hartu du abiapuntu, Elkanoren Lehorreratzea. Ez da, ordea, herri antzezlan horren deskribapen bat, irakurlearen arreta erakarriko duen suspentsezko lana baizik.

Erein argitaletxeak kaleratu du lana, Uzta Gorria sail beltzean. Atzo Donostiako Udal Liburutegian egin zen aurkezpenean Inazio Mujika editoreak azaldu zuenez, istorioa 72 ordutan pasatzen da, eta azken minutu eta segundoraino mantentzen du tentsio narratiboa.

Mehatxu bat da tentsio hori eragiten duena, hain zuzen ere, datorren irailaren 6ko Elkanoren Lehorreratzearen aurreko egunetan jasotzen den heriotza mehatxu bat. Horren harira, bi ikerketa jarriko dira martxan: Aitor Letamendia detektibearena eta Idoia Urdaneta zinegotziarena alde batetik, eta Ertzaintzarena bestetik.

Ikerketen baitan, Getariako zenbait leku eta Lehorreratzearen hainbat xehetasun ezagutzeko aukera egongo dela azaldu zuen Iribarrek.

 

Duela zenbait urte hasi zen lan hau idazten, inoiz argitaratua ikusteko asmorik gabe, mundu biraren 500. urteurrena azken urteetan izaten ari den sonak sortutako bi ideien harira. Uste du, batetik, Elkanok egindakoa ezagutzen dugula baina ez bera pertsona bezala eta, bestetik, euskalduna beharrean, beste nonbaitekoa balitz, mundu mailan ezagunagoa izango litzatekeela eta, besteak beste, berari buruzko filmen bat egongo litzatekeela. Bi elementu horiek lekua izan dute misteriozko istorioan.

Getariari erreferentziak

Erein argitaletxeko ordezkariak adierazi zuen 72 ordu liburua irakurtzen duenak “beste liburu bat ere” irakurriko duela, “bere herriaren maitale batek besteoi herria maitatzen erakusten duena”. Izan ere, narrazioan badira bertako lekuei eta kontuei erreferentzia egiten dieten hitzak, hala nola, Pia-Pia, Txoritonpe eta Artzape, edo erromona eta keleparioa.

Iribarrek berak azpimarratu zuen kokalekuaren, sasoiaren eta Lehorreratzearen garrantzia. Ordura arte irudikatu gabeko gauzak “ikusi” ditu Getarian: “Orain arte sekula ez naiz jarri Getariako Kale Nagusian atentatu bat non egin daitekeen begira. Jolas bat izan da bai han bai portuan txertatzen joatea nik buruan nuen istorioa”.

Garaiak ere badu pisua: “Uda amaiera da eta agertzen dira kostaldean bizi garenontzat hain egunerokoak diren baina besteentzat akaso berriak izango diren kontuak. Herrian batzuk txibitara doaz, besteak hondartzara, terrazan afaltzen dago jendea, surfean… Giro berezi hori”.

Azkenik, Lehorreratzea irudikatzeko, duela lau urtekoa izan du oinarri, aurtengoak liburua idatzi eta gerora jakin diren aldaketak izango baititu. “Jaia bera azaltzen du, nola egiten den, nola herria betetzen den jendez…”. Eta horren baitan bi errealitate islatu nahi izan ditu: mehatxuaren berri duen jende multzo txikiak bizi duen tentsioa eta besteen festa giroa.

Aurkezpena herrian

Lehenbiziko aurkezpena egin zuen atzo Kepa Iribarrek Donostian. Izan ere, herriarekin hainbesteko lotura duen lana izanda, Getarian ere aurkeztea aurreikusten du. Ekainaren 2an izango da, 19:00etan, udaletxean.

 

Argazkia eta bideoa: Erein argitaletxea.