18:00etarako jende andana zegoen zain Getariako moilako hainbat diketan. Udalaren deialdia Amabirjinara gerturatzekoa bazen ere, parera begiratuta, getariar mordoa zegoen Getariako Arraun Elkarteko arraunlariak noiz pasako zain. Egiten ari diren denboraldi bikaina txalotu eta bihar Donostian jokatuko den Kontxarako sailkatze probarako indarrak ematea zuten asmo.

Ia 18:30ean bistaratu da Unax Eizagirre patroia Altxerrira, lehen arraunak uztera. Haren atzetik beste hainbeste egin du Eñaut Silbetik. Gaur hasieratik ontzian sartu ez diren lau arraunlariak pasa dira gero, eta azkenik, sorbalda gainean trainerua zutela, heldu dira arraunlariak. Uretaratzen ari ziren bitartean, irteerara bertara animoak ematera gerturatu direnen txaloak jaso dituzte.

Moilara agertu orduko are beroagoa izan harrera, eta txaloez gain, Esperantza oe, Esperantza oe… abesten aritu zaizkie getariarrak. Jende gehien zegoen tartean, Amabirjinaren aurrean, geldialdia egin du Esperantzak, eta bertaratutakoak agurtzeko tartetxoa hartu dute traineruan zihoazenek. Minutu gutxiren buruan itsasorako bidean segi dute, lanean jarraitu beharra baitago.