Bigarren urtez, gogoan izan dute Getariako Keta Futbol Taldeko eta Zestoako Futbol Taldeko lagunek Andoni Galarraga Sopas gaztea. Harekin futbolean bat egindako lagunek eta bi klubetako egungo taldeek partida bana jokatu zuten atzo Iraetako (Zestoa) futbol zelaian.

Norgehiagoken aurretik, talde guztiak futbol zelaiaren erdira irten ziren eta lagunez osatutako bi taldeetako ordezkari banak lore eskaintza egin zien familiari eta bikoteari. Une hunkigarria izan zen eta haren ondotik, minutuko isiltasunak hartu zuen lekua zelaian, Galarragaren omenez. Gaztearen gurasoek egin zuten atzokoan ohorezko sakea.

Haiek zelaia utzi ondoren, Galarragarekin bi taldeetan bat egindako lagunen arteko partida jokatu zen. Getariarrak kamiseta zuriarekin aritu ziren eta zestoarrak urdinarekin. Azken horiek sartu zuten lehen gola, baina bigarren zatiak aurrera egin ahala, berdindu egin zuten getariarrek. Banako emaitzarekin amaitu zen norgehiagoka.

Denboraldiaurreko partida

Bigarren lagunartekoan, Ketako egungo talde nagusia eta Zestoakoa lehiatu ziren. Ohikoa baino laburragoa izan zen norgehiagoka baina bi taldeen sasoia ezagutzeko eta erritmoa hartzeko baliagarria izan zen.

Getariarrek badute oraindik taldea fintzeko aukera, denboraldiaurreko beste partida bat baitute irailaren 10ean. Denboraldia bera hilaren 24an hasiko da.