Duela hainbat denboralditatik, Ketako areto futboleko zein saskibaloiko taldeen etxeko partidak Sahatsaga kiroldegian jokatzen dira. Azpiegiturekin, ordea, arazoak izan dira noizbehinka, besteak beste, lehia arautegiek zehazten dutelako epaileentzako aparteko aldagela bat eduki behar dela. Kiroldegian bi aldagela bakarrik zeuden, astean zehar emakumeek eta gizonek erabiltzen zituztenak bertako zein kanpoko kirolarienak bihurtzen baitziren asteburuetan. Epaileek, besterik ezean, taldeetakoren baten aldagelan sartu behar izaten zuten dutxatzeko.

Arazoari erantzuna emateko asmoz, Getariako Udalak aldagela berri bat egokitu du epaileentzat, kiroldegiko gune hezean. “Orain spinning egiten den hormaren izkinan, saunaren ezkerrean, dutxa batzuk zeuden, aldagelarik eta ezer gabe. Pentsatu genuen, horiek aprobetxatuz, armairu batzuk, iturritxo bat eta komuna jartzea, bereizteko itxitura batzuekin”, azaldu du Ekaitz Esteban kirol zinegotziak. Saunaren eremutik, berriz, ate lerragarri batek banatuko du aldagela berria.

Horrela, gelak bi sarbide izango ditu: bata, aldageletako pasillotik –horma bota eta atea jarri dute– eta bestea, saunako eremutik. Azken hau zabalik egongo da astean zehar eta saunako erabiltzaileek dutxa hartzeko balia dezakete. Asteburuetan, berriz, itxi egingo da eta kirol epaileek beste bi aldageletako korridore luzetik izango dute sarbidea.

Lanak Art enpresak egin ditu 19.178 euroren truke.

 

Argazkiak: Getariako Udala.