Udaletik jakinarazi dutenez, lau hilabete inguru iraungo dute lanek eta helburua izango da “kalea berreskuratzea eta txukuntzea”. Izan ere, duela urte dezente, Haitze kalearen zati bat erori eta pasabidea moztuta geratu zen. Lanek bi fase izango dituzte. Lehenengo fasean, eroritako zatia pasabide baten bitartez berregingo dute. Era berean, magalaren zati hori indartzeko, sare metaliko bat jarriko dute. Bigarrengo fasean, eskaileren eta 69 metro inguru dituen kalearen urbanizazio-lanak egingo dituzte.

Proiektua idatzi zuten Ikerlurren eta I. Peñalbaren zuzendaritzapean, Alzola S.L enpresak egingo ditu lanak. Eskuhartzeak 422.215,23 euroko kostua izango du. Udalak 148.756 euroko dirulaguntza jaso du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eskutik, kalearen balio historikoa dela-eta.