“Esperantza gorenean babilen honetan, atzera begirada bat bota eta ezin dugu ahaztu nortzuk erein zuten lehenengo hazia”. Ideia hori abiapuntu hartuta, hilaren 19an, larunbatarekin, ekitaldi eta bazkari baten bitartez, eskerrak emango dizkiete herriko arraun elkartearen sortzaileei.

12:00etan, eskertza ekitaldia udaletxean izango da eta ondoren, Berdura plazan egingo dute bazkaria. Noizbait arraun elkarteko kide izan direnei egin diete bertaratzeko gonbita. Bazkaritara joan nahi duenak, azaroaren 10a bitartean, 669 572 098 telefono zenbakira Whatsapp bat bidalita eman beharko du izena. Horrez gain, 50 euro ordaindu beharko ditu –diru hori oroigarriak eta bazkaria ordaintzeko izango da–.

“Esperantzaren fruituak”

Eskertza ekitaldiaren biharamunean, azaroaren 20an, Getariako Udalak eta Urolako Komunikazio Taldeak, elkarlanean, ekoiztutako Esperantzaren fruituak dokumentala aurkeztuko dute. Julen Imazen zuzendaritzapean, herriko arraun taldearen inguruan ondutako lana da. 19:00etatik aurrera, Iturzaeta Herri Eskolako aretoan egingo dute emankizuna.