Bihar ekingo zaio Euskaraldiari, ahobizi eta belarriprest ikurrak paparrean, hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen ariketa sozialari. Hala, ahobizi rola duenak euskaraz egiteko eta belarriprest duenak berari hala zuzentzeko konpromisoarekin, kaleak euskaldunagoak bihurtuko dira bihartik aurrera. Hitzez ekiteko garaia lelopean egingo da Euskaraldiaren hirugarren edizio hau.

Getariako Euskaraldiko taldetik zehaztu dutenez, oraingoz, 340 getariarrek eman dute izena Euskaraldian, horietako 300ek ahobizi modura eta 40k belarriprest gisa.

Dena den, azken orduan ibili zale direnek, oraindik badute parte hartzeko aukera. Euskaraldiaren webgunean egin dezakete edo bihar, azken aldiz, txapak banatzeko jarriko duten mahaian. 18:30 eta 20:00ak artean egongo dira.

Hasiera ekitaldia

Hamaika egun iraungo duen Euskaraldiari hasiera emateko ekitaldia ostiralean egingo dute, 20:00etatik aurrera, Berdura plazan.

Egitarauaren arabera, ekimenaren aurkezpena egingo dute lehenik eta, ondoren, Gure Txeru dantza taldeko kideen eskutik, aurtengo abestiaren dantza. Elkarbanatutako ekintza izango da eta helduek nahiz haurrek hartuko dute parte. Amaitzeko, Enabi bikoteak kontzertua emango du.

Euskara “gauza sinpleetan”

Herritarrek euskara eta Euskaraldia nola bizi duten jakiteko bideo sorta prestatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta haietako batean parte hartu du Marije Manterola Getariako Euskaraldiko taldeko kideak. Julen Portillorekin izandako solasaldian, besteak beste, ohiko eremuetan euskaraz egin daitekeela jakitearen garrantzia azpimarratu du.