Ohar bidez, gaur eguedian jakinarazi dute Iosu Mugika Garmedia izango dela Getariako EAJren alkategaia 2023ko udal hauteskundeetan. Azaldu dute azaroan zehar egindako hautaketa prozesuan aho batez onartu zutela Mugikaren hautagaitza. Prozesua joan den abenduaren 3an amaitu zuten, Getariako Batzokian egindako bilera irekiarekin.

Nabarmendu dutenez, erronka berria ilusio handiz hartu du Mugikak: “Getaria hobe bat eraikitzeko gogotsu nago eta dago nire taldea. Getariarra naiz, herria bizi eta maite duen herritarra, gure herriaren garapenarekin konprometituta dagoena. Kirol munduan hasi nintzen herrigintzan, denboraren poderioz, kirola sustatzeaz gain, herriko kultur ekintza ezberdinetan lanean ibili naiz, baita herri eskolako guraso elkartean ere. Herri bizi batean sinesten dut eta herritarrek egiten dutela herri, elkarlanean, gertutasunez eta adeitasunetik. Horiek izango dira nire lanaren oinarri”.

Azken hiru urtetan EAJko zinegotzi izan da Mugika eta azpimarratu du udalgintza “konpromiso handiko egitekoa” dela. Horren harira, alderdikideek, bereziki udal taldean, egin duten lana eskertu eta goraipatu du: “Taldekide guztiek herri hobe bat eraikitzeko gogor egin dute lan, oposizioan egonda ere. Ideiak ditugu eta proiektu sendo, berritzaile eta ausarta, herriarentzako sortua eta herritarrekin bat gauzatu asmo duguna”.

Egungo EAJren udal taldeko bozeramaile den Aitor Urrestik aipatu duenez, Mugika zinegotzi izan den hiru urteotan “herriarekiko konpromisoa eta lan egiteko grina eta ahalmena” adierazi ditu. Gaineratu duenez, “herri honek izan dezaken hautagairik onena da”.

Argazkia: Getariako EAJ