Herriko eragile gehienen, ez bada denen, eguneroko ogia da elkartean parte hartuko duten boluntarioen falta. Gure Txeruko juntakideek adierazi modura, borondatezko lana behar den erakundeen biziraupenari dagokionez, garai zailak dira. 2022. urtea amaitzear den honetan, horixe nabarmendu dute Gure Txeru elkartetik.

Eragile desberdinetan parte hartuko duten herritarrak falta badira, horien desagerpena bermatuta dagoela aipatu dute. Jarraian duzue irakurgai Gure Txeru elkartetik egindako hausnarketa:

Garai zailetan gabiltza borondatezko lanak eskatzen dituen erakundeen biziraupenari aurre egiteko. Azken urteetan zaila egiten ari da herriko kultur-talde eta erakunde sozialen gidaritzak eramateko bolondresak aurkitzea. Bai Guraso Elkartean, bai Zanbukan, bai Eskolako arduradun izateko… eta baita Gure Txeru elkartearen gidaritza eramateko ere.

 

Gu, Gure Txeruko juntakideak egoera honetan aurkitzen gara: Gure Txeruko juntako partaideak bi urtetik behin aldatzen dira. Aurten, hiru partaidek bi urteko bolondres lanak egin dituzte eta ezin dugu aurkitu horientzako erreleborik. Hainbat laguni egin diegu gonbita, askotan eskatu diogu Getariako pertsona ugariri beraien partaidetzaren beharrean gaudela Gure Txeru elkartearen gidaritza eramateko. Erantzun guztiak ezezkoak izan dira: “Zurekin hitzegin dezaket? Txerutaz da? Ezin dut…”, zenbat aldiz entzun ote dugu!

 

Eta, zer da Gure Txeru Elkartea? Getariako herrian urtean zehar hainbat ekintza aurrera ateratzen dituen elkartea da: Futbito, Danborrada, San Tomas, Gau Beltza, Gabon kantak, Euskal Jaietako dantzak, Euskal Dantzak, eskulan tailerrak, umeen euskal dantza ikastaroak, Pilota, Pilota ikastaroak, bolondres lana festetan, Ginkanan laguntzea,…

 

Gure Txeru Elkarteak urteetan, hamarkadetan, biziraun du gure herrian. Getariarren bolondres lanaren bidez goian aipatutako ekintzak aurrera eraman ditu, udalaren, herritarren, kirol elkarteen eta beste herriko hainbat elkarteren laguntzarekin, beraiekin elkarlanean… Eta orain zer? Gure Txeruren ibilbidean amaiera iritsi al da? Gure Txeru Elkarteak desagertu egin behar al du? Horrelako elkarte historiko bat desagertzen utzi behar al dugu bolondres lanerako pertsonarik gabe gelditu garelako?

 

Gure Txeru elkarteko juntakideak garenok, orain garenak eta lehenago izan direnak, argi dugu gure ahalegin guztia egingo dugula gure elkarte maitea desagertu ez dadin. Guk lanean jarraituko dugu. Baina ez gara betirako.

 

Eta zuk? Gure Txeru desagertzen utziko al duzu?