Ostiraletik igandera, hilaren 28tik 30era, egitarau zabala prestatu dute San Prudentzioko Lagunak taldeak. Bertsoa saioa, bazkaria, kontzertuak, euskal dantzak… herritar desberdinen interesak asetzeko moduko jaiak antolatu dituzte.

Ostiralean, bertso artean hasiko dituzte 2023ko San Prudentzio Jaiak; hain justu, Dunba kopla saioarekin. 22:00etatik aurrera, zortzi bertsolariok arituko dira kantuan oholtza gainean: Danel Olano, Markel Eizagirre, Uxue Alberdi, Maider Arregi, Eñaut Martikorena, Eli Pagola, Aitor Sarriegi eta Julio Soto. Gai-jartzaile lanetan Xabi eta Itzi arituko dira; bertsoei musika jartzen, berriz, Libe, Aner eta Joseba. Dagoeneko sarrerak erosgai daude Harritarte dendan, bost euroren truke. Egunean bertan ere erosi ahalko dira.

Tradizioari jarraituz, larunbaterako Naparjito Festa antolatu dute. 14:00etan hasita, ohiko menuarekin (zurrukutuna eta zikiroa) bazkari herrikoia egingo da. Ondoren, bazkalostea girotuz, Mexikortxo Band, La Jodedera eta Skareggekasko musika taldeek kontzertua emango dute. Bazkarirako sarrerak ere, jada, salgai daude Harritarten, 20 euro balio ditu.

Igandean, herriko gaztetxoak izango dira protagonista. 12:00etan, Haur Hezkuntzako bigarren eta Lehen Hezkuntzako bosgarren maila bitarteko haurrei zuzenduta, Urritza Aisialdi Taldeak prestatutako ekintzak izango dira. 13:30ean, Gure Txeruko dantzari txikiek dantza emanaldia egingo dute. Horrez gain, goizean zehar, Getariako panderojoleak eta trikitilariak ibiliko dira auzoa alaitzen.