Bigarren urtez, Nerea eta Andoni Pala Memoriala jokatuko da, 2021ean zendutako Nerea Iribar eta Andoni Galarraga gazteak gogoratzeko. Bien kirolzaletasuna eta palarako afizioa tarteko, haien lagunek iaz antolatu zuten lehen memoriala, “elkarren arteko laguntasunak loratzen jarraitzeko”.

Hala, memoriala ekainaren 10ean jokatuko da, 09:30ean hasita; aurreikuspenen arabera, 15:30ak alderako amaituko da. Partidak frontoian jokatuko dira eguraldi ona egiten badu, bestela Sahatsaga kiroldegira lekualdatuko dira.

16 urtetik gorako bikote mistoek har dezakete parte lehiaketan; irabazten dutenak soilik igaroko dira hurrengo fasera. Gehienez ere, 16 bikotek har dezakete parte eta izena ematen duen kopuruaren arabera erabakiko dute antolatzaileek partidak 10, 12 edo 16 tantora jokatzea.

Hain zuzen ere, gaur ireki dute Nerea eta Andoni Pala Memorialean izena emateko epea. Interesa dutenek mezua idatzi behar dute maiatzaren 31 baino lehen palamemoriala@gmail.com helbide elektronikora, partaideen izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztuz. Apuntatzen diren lehen 16 bikoteek izango dute memoriala jokatzeko aukera.