Konpartsako Batzordetik jakinarazi dutenez, abuztuaren 6an egingo den ikuskizunean parte hartuko duten dantzarien jantziak egiteko laguntza beharko dute. Aurreratu dutenez, 170 pertsona inguruk eman dute izena eta asmoa da horientzat guztientzat “Afrikatik zuzenean ekarritako oihalekin jantziak egitea”. Hala, deialdi zabala egin diete “herriko jostunei edota laguntzeko prest dagoen orori, oihal eta hari artean aritzeko”.

Batzordekideen hitzetan, joskintzaren inguruan jakintza gehiago edo gutxiago izan, “laguntza oro izango da ongietorria”. Guztia antolatzeko, batzordeak bilera bat deitu du datorren astearterako, maiatzaren 23rako. Bilkura Alondigan izango da, 18:30etik aurrera.

Jakina denez, aurtengoan Afrika da dantzarako gaia. Batzordekideek azaldu dutenez, “oihalak ahalik eta jasangarrienak, errealenak eta errespetuzkoenak egitea da asmoa”. Hala, euskal herritar batzuk Afrikan daudela aprobetxatuz, “GKE batekin harremanetan jarri gara eta haren bitartez ekarriko ditugu oihalak”. Gutxi gorabehera, arropak nolakoak izango diren zehaztu dute baina, “170 jantziak egiteko laguntza beharko dugu”, gaineratu dute.

 

Lotutako albisteak: