Herenegun emakume bat erail zuen bere bikote ohiak, Orion. Gaitzespen mezuak han-hemenka zabaldu dira eta gaur arratsaldean, plaza bete getariarrek nazkatuta daudela adierazi dute. Emakumeon kontrako indarkeriarik ez! zioen pankartaren bueltan bildu dira, isiltasunean, udaletxe aurrean.

Elkarretaratzearen amaieran, adierazpena irakurri dute Mariñak Getaiko talde feministako kideek. “Haserre eta minduta” agertu dira, “nazkatuta erasotu eta erailak izateaz”. Asteartean, “askotan etxeetan gertatzen dena kalean lehertu” zela gogorarazi dute.

Oriokoa Euskal Herrian 2003az geroztik izandako 129. hilketa matxista dela jakinarazi dute eta “samina eta elkartasuna” adierazi dizkiete eraildako emakumearen senide eta lagunei. Era berean, kritikatu egin dute herritarrek eta komunikabideek hilketaren irudiekin izandako jarrera: “Hor ere badugu zer ikasi eta non ardurak hartu”.

Asteartekoa ez dela kasu isolatu bat uste du talde feministak, “egunero kolpatzen eta erasotzen gaituen sistema baten ondorio krudela baizik”. Hargatik, gizartea egituratzen duen matxismoarekin amaitu arte, emakumeen aurkako indarkeriak ez duela etenik izango iritzi diote.

“Sistema biolento batean bizi gara bai emakumeok, baita heteroarauan sartzen ez diren gorputzak ere”, esan dute. Hala, salatu egin dute asteburuan Villabonan izandako eraso homofobo eta arrazista ere.

Emakumeek bizitza proiektuak askatasunez aurrera eraman nahi dituztela eta matxismoa gizarte osoaren arazoa dela oihukatu dute. Horren aurrean, “politika eraginkorrak eta baliabideak” eskatu dituzte, “hitz hutsalen gainetik”. “Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu”, zehaztu dute.

Gizartea aldatzeko bidea feminismoa dela azalduz, autodefentsarako deia egin du Mariñak talde feministak.