Literaturak gure mundua ulertzen eta bestelakoak sortzen laguntzen digutela diote. Irakurritako hori ingurukoekin elkarbanatzeak are gehiago zabaltzen du mundu ikuskera. Hala dio Uxue Alberdik: “Nik uste, elkarrekin irakurtzen hobeto irakurtzen edo eta gehiago gozatzen dela, edo bi aldiz gozatzen dela”. Horregatik, ziurrenik, sortu dira azken urteetan hainbeste irakurle talde han hemenka.

Helduentzako gune izan dira orain arte lekurik gehienetan. Getaria, Oiartzungo ereduari jarraituz, berritzailea izango da horretan eta urritik aurrera haurren irakurle taldea liburutegian biltzen hasiko da. Saguzulo jarri diote izena eta dagoeneko baditu parte-hartzaileak, oraingoz, 12 inguru. Izen-ematea zabalik dago irailaren 16ra arte eta liburutegian (bertara joanda, telefonoz edo posta elektronikoz) egin behar da.

Parte-hartzaileez gain, badu gidaria: Uxue Alberdi. Berak eta Andoni Olaetxeak, Getariako liburutegiko liburuzainak, luze, zabal eta soseguz kontatu dizkigute irakurle talde berriaren nondik norako guztiak goiko bideoan.