Jada, egonkortutako ohitura da Salbatore jaietako marmitako txapelketa; dagoeneko, lehenengo edizio hartatik aurten beteko da mende laurden. Hala, getariar ugari dira, urtero-urtero, bertan parte hartzera animatzen direnak; batzuk urte luzeetako esperientziarekin aritzen dira, baina beste zenbait estreinakoz.

Gehienetan, festetako azken egunetan egiten bada ere, aurtengoan, jaien bigarren egunean egingo da; hain zuzen, abuztuaren 5ean, larunbatarekin. Izena emateko epea datorren astelehenean, hilaren 17an, irekiko dute eta hurrengo astelehena arte, hilaren 24ko 13:00ak arte, egongo da zabalik. Izen-emateak udaletxean egin beharko dira.

Gehienez 38 bikotek parte hartu dezaketenez, uztailaren 26an, izena eman dutenen artean zozketa egingo dute –bikoteko batek, gutxienez, getariarra izan beharko du–. Joan den urteko sarituak, ordea, zozketatik kanpo geratuko dira eta zuzenean parte hartzaileen poltsara pasako dira, betiere bikotea iazko pertsona berdinek osatzen badute.

Horrez gain, udaletik jakinarazi dutenez, zozketa egin eta hurrengo egunetan, lehiaketan parte hartuko dutenek ahalik eta zehatzen baieztatu beharko dute zenbat pertsona izango diren egun horretan, abuzturaren 5ean, bazkaltzen.