Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak, hainbat administrazio eta erakunderekin batera, Zero Zabor Uretan kanpaina du martxan uztailean. Horren baitan, itsasontzia geldialdiak egiten ari da EAEko zortzi portutan. Asteburua gurean, Getarian, pasako du; gaur arratsaldean, 17:00ak aldera, helduko da Pasaiatik.

Ontzi museoa barrutik ezagutzeko eta bestelako jarduerekin itsas hondakinen arazoaz kontzientziatzeko aukera emango du Hondakinik onena, sortzen ez dena leloa duen kanpainak. Ongietorri gisa, Itsas Erraldoien Martxa egingo dute gaur, 19:00etan. Kalez kale ibiliko dira Zabor, hondakinen munstroa, eta BIO, biodibertsitatearen dama, itsasotik jasotako zaborrarekin eta Pasaiako emakume talde batek kakorratzez sortutako alga eta itsas animaliekin egindako erraldoiak. Haiekin batera ibiliko dira EHUko hainbat zientzialari itsas hondakinez formatu irekian eztabaidatzeko.

Bihar eta etzi bisitak egingo dituzte Mater ontzian; ostegunean, 11:00etik 20:00etara izango dira eta ostiralean, 11:00etatik 14:30era. Horrez gain, ostiralean, karakterizazio eta plastikoen biziberritze tailerrak egingo dituzte. Lehenengoan arazoaren informazio zehatza jasoko dute bertaratzen direnek eta bigarrengoan plastikoei eman dakizkiokeen bestelako erabilerak ezagutuko dituzte.

Getariako bisitak –portu guztietakoek ez bezala– ukitu artistikoa ere izango du. Mariangela Artese eta Nora Cucurull artistekin elkarlanean, Save the ocean sormen tailerra egingo dute bihar 11:00etatik 12:30era eta 17:00etatik 18:30era Mater ontzian. Bertan, Materrek jasotako plastikoak pintatuz eta birziklatutako oihalekin txapak forratuz, collage artistikoak sortuko dituzte.

Aurreko edizioetan bezala, itsasoko hondakinek gizakioi nola eragiten diguten eta horiek geldiarazteko gure esku zer dagoen aztertzeko Itsas Zaindari Gunea egongo da moilan bihar eta etzi. Mater ontziaren egonaldia amaitzeko, berriz, CIMASUB: Zinema ontzian egitasmoa antolatu dute, hau da, Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloko laburmetrairik onenen proiekzioa. Azken hori ostiralean izango da, 22:00etan, ontzian bertan.

Materrek larunbatean utziko du Getariako moila, 15:00etan ekingo baitio Mutrikurako bideari.