Badu zer ospatua aurten herrigintzak, elkartasunak zein euskalgintzak. Izan ere, lagun talde baten ideiatik sortutako Errigora ekimenak hamar urte bete ditu. “2013ko urrian jaio zen Errigora. Iruñeko Nabarreria plazan dagoen Zabaldi Elkartasun Etxean”, azaldu dute bultzatzaileek.  “Oraindik ez ginen ezer; Errigora asmo-sorta baino ez zen. Hilabete beranduago, aldiz, asmoak egitate bihurtuta zeuden. Nafarroa hegoaldekoak propio diren produktuak Euskal Herrian zehar zabaltzeko eta zonaldeko euskalgintzari ekarpena egiteko xedea zuen egitasmo hura jende mordoa harritu zuen ekimen freskoa zen ordurako”, zehaztu dute.

Orduz geroztik gertatutakoaren isla dira urteotako datuak: 130.000 saski baino gehiago banatu dituzte Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko produktuekin eta, haiek emandako mozkinekin, 1.800.000 euro bideratu dituzte euskalgintzara.

Bide horri jarraituz, pasa den astean jarri zuten martxan 2023ko Euskarari Puzka kanpaina, 10 urte bete-bete lelopean. Aurten, hasierakora itzulita, saski bakarra egongo da, 23 ekoizleren 9 produkturekin osatua. Bost produktu –zainzuriak, piperrak, orburuak, gozo bat eta alkoholdun botila bat– saski guztietan egongo dira eta beste lauak gainontzeko ohiko produktuekin osatuko dira –olio ekologikoa, olioa, kardoa, babarrun beltzak, txitxirio ekologikoak, potxa zuri eta berdeak, pasta, arroz integrala, txitxirio ekologiko zikuak, ozpin ekologikoa, mahats zuku ekologikoa, sagar zuku ekologikoa, sagar konpota ekologikoa, melokotoia edo ardi gazta ekologikoa–.

50 euroko prezioa izango dute saskiek eta haien balioaren %25 Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzara bideratuko da. Hain zuzen ere, AEK, Ikastolen Elkartea, Sortzen eta Agerraldia laguntzeko erabiltzen da dirua.

Online zein aurrez aurre

Azken urteetan bezala, www.errigora.eus webgunean egin daitezke eskaerak. Epea azaroaren 9ra arte (barne) egongo da zabalik. Tokian tokiko elkarte eta eragileei esker, hainbat herritan aurrez aurre egin daiteke eskaria. Getarian, Artzape Euskara Elkarteak bideratuko du banaketa eta eskaerak egiteko mahaia jarriko du azaroaren 7an, asteartea, 18:00etatik, 20:00etara, plazan.