EAJrekin adostasuna lortu, eta aurrekontua aho batez onartzea da helburua.

Datorren ekitaldi ekonomikoari begira, Getariako EH Bilduren udal-taldeko kideok 2024ko aurrekontuaren proposamena prestatu dugu. Prozedura aurrera eramateko, garrantzitsua iruditzen zaigu aurrekontu hauek EAJko udal-taldearekin adostasunera iritsita onartzea. Hori horrela izanik, hilabete hasieran aurkeztu genion EAJko udal-taldeari gure proposamena. Negoziaketetarako eskua luzatu diegu, hilabete amaieran 2024ko aurrekontua aho batez onartzeko helburuarekin.

Aurkeztutako 2024ko aurrekontuaren zirriborroan, proposamen zehatzak jaso ditugu. Batetik, herriko hainbat beharri erantzuna eman eta udal-kiroldegiaren egoera hobetzeko, kanpoan estalpe bat eraikitzeko asmoa dugu, eraikuntzaren beraren eta gainerako instalakuntzen hobekuntzan arreta berezia ezartzeaz batera. Mantentze- eta eraberritze-lanekin jarraituz, Alde Zaharra inguratzen duten mendi-magalak indartu, herri-bideak txukundu nahiz haur-parkeetan beharrezko konponketak egin nahi ditugu. Bestalde, Zarautz Jauregiko lanak amaitzeaz batera, eta eraikin horrek herriarentzat espazio berriak eskainiko dituela jabetuta, egungo ikasgela Ulpiano etxera lekualdatzea proposatu dugu.

Gizarte zerbitzuak indartzeko, arreta psikosozialaren partidara aurtengo kopuruaren bikoitza bideratu nahi dugu, baita berdintasunari dagokion partida bat sortu ere. Bestalde, trantsizio energetikoan aurrerapausoak ematen jarraitzeko, aurtengo kopuruaren ia bikoitza zuzenduko dugu kontu-sail horretara ere.
Azkenik, diru-kopuru jakin bat gorde dugu hurrengo ekitaldietan garatu-asmo diren proiektuak idazteko, eskolako fatxada berritzeko eta euskararen ekintza-plana abian jartzeko, besteak beste.

Ikus daitekeenez, gure planteamendua bi oinarriren gainean eraiki dugu: hauteskunde- kanpainan hitz emandako proiektuen egikaritzea eta herritarrek egindako ekarpenak. Adierazitako proposamen horiekin guztiekin, EH Bilduren udal-taldearen helburu nagusia lortu nahi dugu: herritarrak Getarian bizitzeko baldintza egokiak sortzen jarraitzea.