Gaur, urtarrilak 12, estreinatuko da Euskal Herriko zazpi lurraldeetako zinematan Josu Martinezek zuzendutako Bizkarsoro filma. Bertan, fikziozko Bizkarsoro herrian, 1914tik 1982ra gertatutako bost istorio kontatzen dira eta horien bidez, euskarak zein euskaldunek jasandako jazarpena islatzen da.

UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, hitzarmena sinatu du Gastibeltza Filmakekin eta Dijitalidadearekin, Bizkarsororen ekoizlea eta banatzailea hurrenez hurren, filma ahalik eta herri gehienetan eman ahal izateko. Horren helburua da “euskara erabiltzeagatik belaunaldiz belaunaldi jasandakoa ezagutzea eta horri aurre egiteko euskaldunek erakutsi duten kemena ikusaraztea”. Akordioari esker, UEMAko kide diren herriek baldintza bereziak izango dituzte, hala nola, herri mailan zein ikastetxeetan proiektatzeko erraztasunak eta ondoren solasaldiak antolatzeko aukera.

Getarian, hitzarmenean adostutakoarekin bat eginez, bi emanaldi izango dira: bat herri mailan, solasaldiarekin, eta bestea, ikastetxean. Martxoko lehen astebururako daude aurreikusita proiekziook.

“Jazarpena nondik eta zergatik”

Dijitalidadeako Gotzon Barandiaranek adierazi duenez, “testuinguru jakin eta esanguratsu batean heldu da Bizkarsoro filma. Estreinatu zenean bezala —Donostiako Zinemaldian—, zinema aretoetara helduko denean ere euskararen eta euskaldunen aurkako erasoek ez dute etenik. Gure eskubideen aurkako etengabeko oldarraldi judizial batean dator filma, eta horrek erakusten du filmean gertatzen dena ez dela iraganeko kontu bat, baizik eta gaur egun ere gertatzen den erasoaldia”.

Bide horri helduta, UEMAko lehendakari Martin Aramendik adierazi du ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea leuntzeko, mankomunitatearen lan lerroetako bat dela herritarren kontzientziazioan eragitea eta “horretarako garrantzitsua da euskararen eta euskaldunen aurkako jazarpena nondik eta zergatik datorren erakustea”.

 

Argazkia: UEMA