Herrian punk musika lau haizetara zabaltzea helburu hartuta sortu berri da Graka kolektiboa. Joan den abenduaren 22an, estreinako kontzertu gaua prestatu zuten eta ostiralean, bigarren emanaldi sorta egingo dute.

Bi talde arituko dira euren onena ematen gaztetxeko oholtza gainean. Alde batetik, Eje hardcore talde berriztarra eta bestetik, Zarauzko Mate taldea. Kontzertuak 21:00etan hasiko dira eta sarrerak 5 euro balio ditu.

Kimu berriak

Sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, “energiaz nahiz emozioz gainezka” datoz Bellum talde sortu berriko kideak. Hiru lagunek osatutako taldea da; horietatik bi, Beñat Azkue eta Oihan Manterola, getariarrak eta hirugarrena, Ibon Kazalis, zarauztarra –Kazalis eta Manterola Goma-2 taldean ere elkarrekin aritzen dira–.

Beren hitzetan, post punk estiloko musika landuko duen proiektua da eurena. ARTZAPEri azaldu diotenez, badaramatzate hilabete batzuk sei kantuz osatutako EP baten gainean lanean. Iragarri duten lehen kontzertua hilaren 26an, 20:00etan hasita, Zarauzko Gaztetxekoa izango da. Aitortu dutenez, “kontzertuak ematen hasteko asmorik ez genuekan baina, Zarata Zarautzek emandako aukera ikusita, aurrenengoa bertan ematea erabaki dugu”. Kontzertuak emateko prest daudela eta, beraz, aukerak atera ahala erabakiko dutela eman edo ez gaineratu dute.

Aurreratu dutenez, Getarian ere izango da haien punk musika entzuteko parada. Hala ere, momentuz, ez daukate ezer lotuta, beraz, albiste berrien zain geratu behar.

Argazkia: Xabi Irigoien

 

Lotutako albisteak: