Udalak antolatuta, otsaila eta martxoa bitartean, lau ikus-entzunezko emango dituzte herrian. Emanaldi guztiak igandetan, Iturzaeta Aretoan eta 18:00etan hasita egingo dituzte. Zine ziklo horretarako sarrerak datorren asteartetik, otsailaren 13tik, egongo dira erosgai turismo bulegoan. Udaletik ohartarazi dute, saldu gabeko sarrerarik geratuz gero, egunean bertan aretoan ere lortu ahalko direla.

Emanaldi bakoitzerako sarrerak hiru euroko kostua izango du. Aldiz, lau emankizunetara joateko asmoa dutenentzat, bonua egongo da aukeran. Bonu horrekin zine zikloko ekoizpen guztiak ikusi ahalko dira eta hamar eurotan eskuratu daiteke.

Lehen emankizuna Bi arnas

Emango den lehen ikus-entzunezkoa Jon Mikel Fernandezen Bi arnas dokumentala izango da; hain justu, otsailaren 18an. Ekoizpen horrek torturatua izan den Iratxe Sorzabalen testigantzak jasotzen ditu, baita haren ama Mari Nieves Diazenak ere. 2022. urtean estreinatutako ikus-entzunezkoa da eta Euskal Herria nahiz tortura ditu ardatz.

Bigarren emankizuna otsailaren 25ekoa izango da. Bertan, Fermin Muguruzak ondutako Bidasoa 2018-2023 dokumentala ikusteko aukera izango da. Hirugarrena, Josu Martinezek ekoiztu berri duen Bizkarsoro filma izango da. Film hori bi aldiz emango dute; martxoaren 1ean, Iturzaetako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleei jarriko diete eta martxoaren 3an, emanaldi irekia egingo da, gainerako ikus-entzunezkoak bezala, herritar orori zuzenduta. Azkenik, martxoaren 10ean, June Baonzaren Ama ta Asunak filma egongo da ikusgai.

Emanaldi bakoitzean, ikus-entzunezkoaz gain, solasaldi bat dinamizatuko da bertaratutakoen artean. Dinamizatzaile lanetan, ekoizpenetako zuzendariak nahiz protagonistak edota gaiarekin lotutako pertsonak arituko dira. Hala, publikoa ikus-entzule pasibo izatetik aktibo izatera igarotzea eta gai desberdinen inguruan hausnarketa sustatzea izango da ikus-entzunezkoa ikusi ondoren egingo den hizketaldiaren helburua.