KORRIKA abiatzear da. Hamar egunez, gelditu gabe, Euskal Herriko zazpi lurraldeak zeharkatuko dituen KORRIKA hastear da, eta gu urduri gaude; urduri eta pozik; pozik eta ilusioz gainezka; baina, batez ere, HARRO gaude!

“Harro hadi” zioen euskal kantu ezagunak, “HARRO HERRI” dio Korrikak eta hori aldarrikatu nahi dugu. Indibidualtasunetik kolektibora igaro nahi dugu, garen herria izan. Elkarrekin eman nahi ditugu pausoak, espazio berriak irabazi eta hitzez zein ekintzez aldarri egin. Harro egon garenaz, eta harro egon egiten dugunaz. Kantauriko hegian bere hizkuntzaz eta bere nortasunaz harro dagoen herria gara. Euskara ez da ni, euskara ez da zu; euskara gu gara. Euskarak komunitate baten parte sentiarazten gaitu, eta Korrikak batu egiten gaitu.

AEKn, bide horretatik, euskalduntzen jarraituko dugu; Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzeko, nahitaezkoa baita euskara erabili ahal izateko espazioak sortzea eta garatzea. Zentzu horretan, gainera, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa ezinbestekoa da. Zoritxarrez, administrazioak horretarako nahiko baliabide jartzen ez dituenez, 23. KORRIKAk jasoko duen dirua Euskal Herri osoan euskararen normalizazioan urratsak egiteko baliatuko du AEK-k.

Lehen esan bezala, harro gaude, bai, baina ez konforme. Oraindik bide luzea dugu egiteko, ehunka oztopo gainditzeko, eta azken bolada honetako oldarraldiaren aurrean indar erakustaldia emango dugu. Herritarron eskubideak erdigunean jartzeko garaia iritsi da eta tinko eutsiko diogu horri. Korrikaren aurtengo abestiak dioen bezala: “Ez badigute ematen arrazoia guri, su emango diogu haien legeari”.

Ildo horretatik, aurtengo omenduak Iparraldeko “AZTERKETAK EUSKARAZ” taldeko kideak izan dira, euren borroka eredugarria baita. Frantziako Gobernuaren aginduen gainetik, eta beren notetan eta etorkizun akademikoan izan ditzaketen kalteak onarturik, elkartu eta talde gisa erantzuten jakin dute; emaitzak lortzen ari dira, gainera. Eta argi adierazi dute ikasketa prozesu osoa euskaraz burutu ahal izan arte ez dutela etsiko. Bejondeizuela!

Horregatik guztiagatik, lerro hauetatik, AEKtik, Korrikan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu; baina Korrikaz harago, harrotasunez, euskaraz bizitzera animatu nahi zaituztegu. Euskaraz bizi nahi dugula gurekin oihukatzea nahi dugu. Bete ditzagun etxeak eta kaleak euskaraz. Harro plazan, online zein bizitzan. Harro herri eta harro Korrikan!

Martxoaren 14tik 24ra, Irundik Baionarat egingo dugu Korrika. Gogoratu, hala ere, ez dela lasterketa bakarrik; euskal kultura sustatzea ere helburu du eta horren harira egitarau oparoa osatu dugu eskualde osoan, adin guztietako herritarrentzat eginikoa. Eta nola ez, lasterketa bera, guretik, martxoaren 19tik 20rako gauean igaroko da eta bertan ikusi, sentitu eta ozen entzun nahi zaituztegu: “Tipi-tapa, tipi-tapa, KORRIKA!!!”.

 

Amaia Olazabal Leonet
Urola Kostako AEK