Eutsi gureari! Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura leloarekin, igandean, otsailaren 25ean, abiatuko da Errigoraren udaberriko kanpaina. Herritarrek martxoaren 13ra arte izango dute euren eskaerak egiteko aukera. Produkuak hiru bidetatik eska daitezke: Errigoraren webgunetik, telefono bidez (848 87 12 23) edota Artzape Euskara Elkarteak martxoaren 5ean, 18:00etatik 20:00etara, herriko plazan jarriko duen mahaian.

Eskaera online egiten duenak, bi zatitan egin dezake ordainketa; betiere, 150 euro baino altuagoko gastua eginez gero. Online beharrean, eskudirutan ordaintzeko aukera ere izango da, hain justu, produktuak jasotzerakoan. Eskatzaileek Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta, lekaleak edota ardo loteak erosi ditzakete. Azken horiek dira aurtengo berrikuntza eta bi lote daude aukeran: Ardo bereziak eta Ardo gonerak.

Errigoraren sustatzaileen aburuz, “urrun baino urrunago gaude herri bezala ditugun elikadura beharrak aseko lituzkeen ekoizpenetik”. Hala ere, hamar urteko ibilbidearen ostean, uste dute “bestelako bideei ekiteko gaitasuna” izan dutela eta “hamargarrenez, ekoizlearen jatorrizko prezioan, euskaraz etiketatuta eta auzolanean ehundaka herritan gauzatu eta haziz joan den bestelako ekoizle-kontsumitzaile hartu-eman hauxe bera da erakusle argia”.

Banaketa maiatzean

Aurrez aipatu modura, auzolanari esker, getariarrek ere herrian bertan jaso ahal izango dituzte eskatutako produktuak. Azken aldietan bezala, Artzape Euskara Elkartea arduratuko da banaketaz eta zehazki, maiatzaren 16an, arratsaldez, banatuko ditu herritarren artean Nafarroa hegoaldeko produktuak.