Otsailean zehar itxita egon da Cristobal Balenciaga Museoa; izan ere, denboraldi berrirako prestakuntza lanetan aritu dira. Hain justu, gaur goizean aurkeztu dute aurtengo urteari dagokion programa eta beste zenbait berrikuntza. Aurkezpen ekitaldian izan dira, hala nola, Miren Vives museoko zuzendaria, Igor Uria bilduma zuzendaria, Haritz Alberdi Getariako alkatea, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.

Vivesek azaldu duenez, iaz egindako proba pilotu baten ostean, “herritarrek museoa bisitatzeko duten moduan” hainbat aldaketa txertatzea erabaki dute. Hala, “ibilbideak sinplifikatu” dituzte, “bisitarientzat intuitiboagoak, arinagoak, irisgarriagoak eta egokiagoak” izan daitezen.

Areto biografiko iraunkor berrian hasten da bisita. Gune horren helburua da, “Cristobal Balenciagaren enpresa, bizitza eta sormen ibilbidea agerian jartzea eta bisitariak goi-mailako jantzigintzako maisuaren testuinguru historikoan eta geografikoan kokatzea”, azaldu du Vivesek. Bertan, 1895. eta 2011. urte arteko objektuak, argazkiak, agiriak, jantziak nahiz artelanak topa daitezke, kronologikoki ordenatuta. Jarraian dauden lau aretoetan, Balenciaga. Izaera seriearen hirugarren eta azken erakusketa dago ikusgai. 90 piezek osatzen dute erakusketa hori eta pieza horien bitartez, “Balenciagaren obraren elementu bereizgarrienak nabarmentzen dira”.

Martxoaren 22tik aurrera, seigarren areto bat zabalduko dute: Txillida/Balenciaga. Tolesten forma. Aldi baterako erakusketa horrek bi sortzaile horien 40 artelan baino gehiago biltzen ditu. “Txillidaren jaiotzaren mendeurrenaren testuinguruan prestatutako erakusketak Eduardo Chillida Fundazioaren eta Pilar Belzunceren laguntza izan du, baita beste zenbait bilduma pribaturena ere”, azaldu du Vivesek.

Azkenik, maiatzean, goi-mailako lurringintzari buruzko aldi baterako erakusketa irekiko dute eta museoko zuzendariaren hitzetan, “erakusketa horrek agerian jarriko du zein eginkizun izan zuten Balenciaga eta garai hartako beste moda etxe batzuek hasiberria zen negozio-lerro horren garapenean”. Erakusketak bi bilduma pribatu garrantzitsu ditu oinarri eta Aldamar Jauregian egongo da ikusgai.

Kultur-programa eta espazio berriak

Erakusketa horiez gain, urtean zehar gauzatuko den kultur-programa bat ere prestatu dute. “Moda jasangarriaren inguruko zenbait proposamen egin dira: eskola-programa, familiako jardueren programa eta moda jasangarriaren nahiz kontsumo arduratsuaren kontzientziazio programak”, dio Vivesek.

Aldamar Jauregiaren hirugarren solairuan, bestalde, dokumentazio zentro berria ondu dute. Vivesen aburuz, aurrerapauso handia eman dute: “Barneko langileek eta kanpoko ikertzaileek erabiltzeko gune irisgarri eta hornitu bat izatea oso urrats garrantzitsua da, museoak sareko lanean eta nazioarteko lankidetzan aurrera egiteko”. Bertan, liburutegia eta ikerketa gela bat ezarri dituzte. Eraberritzeko lanok, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak finantzatu ditu. Zuzendariaren hitzetan, dokumentazio-zentroaren gune eta baliabide berriei esker, “indartu egingo dira gaur egungo ikerketa-, sorkuntza- eta teknifikazio-programak”.

2025eko urriaren 1etik 3ra, Cristobal Balenciagari eta haren lanari buruzko ikerketa sustatzeko, Nazioarteko Biltzarraren bigarren edizioa egingo dela gogorarazi du Vivesek. Bost urtetik behin egin asmo den nazioarteko biltzar akademiko horretan, “ikusgai jarri nahi dira jostunaren eta haren ondarearen alderdi guztiei buruzko kalitatezko lan eta ikerketa-proposamen berritzaileak”.

2.200.000 euroko aurrekontua

2024rako Cristobal Balenciaga Fundazioak onartutako gastuen aurrekontua 2.200.000 eurokoa da. “Gastu horren %41a museoaren jardunari esker lortutako diru sarrerekin finantzatzen da eta gainerako %59a patronatua osatzen duten erakunde publikoen ekarpenekin”, azaldu du Vivesek. Horrez gain, azpimarratu du helburua ahalik eta autofinantzaketa handiena lortzea dela.

Zuzendariak nabarmendu duenez, inauguratu zenetik, museoaren bilduma handitu eta dibertsifikatu egin da: “Hain zuzen, Balenciagaren 5.100 erreferentzia ditugu gaur egun, inaugurazio urtearekin alderatuta, ia-ia bikoitza”.