Getaria eta Zarautz arteko errepidea moztuta dago eta Korrikako antolatzaileek adierazi dutenez, Gipuzkoako Foru Aldunditik ezin dute bermatu Korrika pasatzen denerako, martxoaren 20rako, irekitzerik. Hortaz, aldatu egin dute ibilbidea eta kostako errepidetik beharrean, Garate gainetik helduko da Getariako herrigunera. Getariarren zatia Meagako biribilgunean hasiko da.

Ibilbide aldaketak ordutegian ere izango du eraginik. Oraindik ez da zehaztu eragile bakoitzak noiz eta zein puntutan hartuko duen lekukoa baina helburua da ibilbide aldaketak eragingo duen atzerapena Oikira iristerako parekatzea.

Egoitz Dorronsoro Urola Kostako Korrikako koordinatzaileak azaldutakoaren arabera, azken orduko erabaki horrek badu alde onik, izan ere, eragile askok erosi dute kilometroa Getarian eta haiek tarte handiagoan korrika egitea ahalbidetuko du.

Ostegunean, batzordea

Korrikako batzordea ostegunean, martxoaren 7an, bilduko da, 18:30ean, alondegian. Dorronsorok esanetan, bertan emango ditu zehaztasun gehiago. Horrez gain, kilometroen zozketa egitea aurreikusten da.