Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko langileak grebara daude deituta gaur; orotara, 150.000 langile baino gehiago. Sei hilabeteren baitan egiten duten hirugarren lanuztea da, ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilas sindikatuek deituta –ordezkaritzaren %80a baino gehiago osatzen dute–. Oraingoan, Satse erizainen sindikatuak ez du babestu deialdia.

Zerbitzu publikoen alde, soldatak eta enplegua hemen adostu lelopean antolatu dituzte protestak eta euren aburuz, lan baldintzak negoziatzeko borondaterik ez dute aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak. Sindikatuek salatu dutenez, greba deitu zutenetik ez dute erakundeen deirik jaso.

Zerbitzu publikoak hobetzea helburu, zazpi eskakizun egin dizkiete: %10eko soldata igoera eta aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa; pribatizazioei atea ixtea eta publifikazio planak adostea; enplegu publikoa sortzea eta egonkortzea, behin-behinekotasuna %8ra jaitsiz; lan kargak arintzea, lantaldeen osasuna bermatuz; politika feministak eta berdintasunerako plan erreal eta eraginkorrak adostea; administrazioak eta langileak euskalduntzea; eta jardunaldiaren murrizketa 32 orduko lan astearen norabidean ipintzea.

Getarian, greba deialdiak hezkuntzan eta garraio publikoan izan du jarraipenik handiena. Iturzaeta Herri Eskolan, irakasleen %47ak eta ikasleen %48ak egin du lanuztea. Garraio publikoari dagokionez, berriz, oinarrizko autobus zerbitzuak bakarrik egongo dira eta Getaria-Zumaia arteko anezka, gutxiengo zerbitzuen ordutegira egokituko dute. Hementxe ordutegiak:

 

Udaletxeak, liburutegiak nahiz kiroldegiak ohiko jardunari eutsi diote.