Euskal Uretako Eskia eta Motonautika Federazioak (EUEMF) antolatuta, EKFB eta Euskal Selekzioaren babesarekin, bigarren urtez jarraian, Getarian egingo da Basque Country Cup lasterketa. Gaur eguerditik, antolatzaileak nahiz parte hartzaileak ari dira apurka-apurka herrira iristen. Izan ere, bihar arratsaldean,18:30ean, txapelketaren aurkezpena nahiz dortsal banaketa egingo dituzte eta ostiraletik aurrera, lehiatzen hasiko dira.

Txapelketa ostiralean hasi eta igandean amaituko da, martxoaren 15etik 17ra. Egunero bi etapa egingo dituzte; bata goizean eta bestea arratsaldean. Goizekoak 11:00etan hasiko dira eta arratsaldekoak 15:30ean. Orotara, 43 kirolarik parte hartuko dute lehiaketan.

Egunero, 140 kilometro inguru

Aipatu modura, ostiralekoak izango dira txapelketako lehen bi lasterketak. Goizean, Getaria-Elantxobe-Getaria ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek; zehazki, 75 kilometrokoa. Arratsaldean, berriz, Getariako kostaldetik gertu osatuko dute 65 kilometroko zirkuitua. Getaria eta Gorliz arteko bidea egingo dute, aldiz, larunbatean. Goizean, Getariatik abiatu eta Gorlizera joango dira, 75 kilometro eginez. Arratsaldean, aldiz, Gorlizetik Getariara itzuliko dira, beste hainbeste kilometro osatuz.

Igandean finalak jokatuko dituzte. Goizean, Hondarribia arteko joan etorria egingo dute Getariatik hasita (75 kilometro) eta arratsaldean, ostiralean bezala, Getariako kostaldetik gertu egingo dute 65 kilometroko zirkuitua.