Getariako Udalak deituta, ez ohiko osoko bilkura egingo da ostegunean, martxoaren 21ean, apirilaren 21ean egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako mahaikideen zozketa egiteko. Udaletik gogorarazi dutenez, datu pertsonalak babesteko legea dela-eta, osoko bilkuran bertan ez dira publiko egingo izen-abizenak eta mahaikideei jakinarazpen pertsonalizatuarekin adieraziko zaie zozketan hautatuak izan direla.

Iñigo Urkullu lehendakariak deituta, apirilaren 21ean egingo dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Egutegiaren arabera, mahaikideen zozketak martxoaren 23tik 27ra egin beharko ziratekeen. Hala eginez gero, ordea, emaitzen jakinarazpenak Aste Santu betean iritsiko litzaizkieke herritarrei, hilaren 24tik 30era. Hori dela eta, EAEko Hauteskunde Batzordeak mahaikideen zozketak bi egun aurreratzeko oniritzia eman die udalei, jakinarazpen ofizialak opor egunetan hel ez daitezen. Hala, martxoaren 21etik 25era egin ahal izango dituzte udalek zozketak. Getarian, posible den lehenengo egunean, martxoaren 21ean, egingo dute.

Jakinarazpenak aurrez aurre egin behar izaten dira eta udalek kudeatu behar dituzte. Getarian udaltzaingoa arduratzen da lan horretaz baina, beste zenbait herritan Correos enpresako langileak arduratzen dira. Aste Santuan eginez gero, gerta zitekeena da herritar ugari etxetik kanpo eta Udaltzaingoko nahiz Correoseko langileak oporretan egotea.