Iaz izandako harrera onaren ondoren, Getariako Udalak heriotzaz hitz egiteko “errespetuzko espazioa” berreskuratu du. Hala, Manex Beristain Agirrek bultzatutako Heriotzaz hitz egin dezagun egitasmoaren hiru saio antolatu ditu datozen asteetarako.

Haietako lehenengoa gaur, martxoak 21, izango da, 19:00etatik 21:00etara, Alondegian. Antolatzaileek iragarri dutenez, saio solteak dira, hortaz, nahi denera soilik joan daiteke eta ez da beharrezkoa aurrez izena ematea.

Hurrengo hitzorduak maiatzaren 30erako eta urriaren 24rako iragarri dituzte.

Lanketa eskolan

Gizartearentzat, oro har, isilpean gordetzeko gaiak dira heriotza eta dolua, are gehiago, umeekin. Aste honetan, ordea, Beristain bera Iturzaeta Herri Eskolan izan da gai horietaz hitz egiten. Ikastetxetik beharra sumatuta, LHko 2. eta 5. mailako ikasleekin egin du lanketa eta ondoren idatzi berri duen Azken galdera amari ipuina aurkeztu die gurasoei, ikasleei eta irakasleei.