Atzo, ohiko osoko bilkura egin zuen Getariako Udalak. Bertan, EH Bilduko sei zinegotziek nahiz EAJko bostek aho batez onartu dute Getariako ereserkian hitz bat aldatzeko proposamena. Zehazki, kantuan agertzen den “itsasgizon” hitza “saregile” hitzagatik aldatuko da. Aldaketa txertatuta, horrela geratuko litzateke kantua:

San Antonen magalean, Malkorberen babesean, Gipuzkoako itsas kaia, Kantauriko harribitxia. Mahasti ta txakolin, saregile, arrantzale… Ez dago besterik, bihotzeko Getari!

EAJko bozeramaile Josu Mugikak proposatu du, aldaketa egin aurretik, herri galdeketa bat egitea: “Itxuraz, ereserkia berritu zenean, herri kontsulta bat egin zen. Zer iruditzen zaizue, aldaketa honen inguruan, berriro ere bozketa egitea?”.  Haritz Alberdi alkatearen aburuz, “gauza batzuek bozketa gainditu egiten dute” eta hau kasu horietako bat dela iritzi dio. Alberdiren hitzetan, “berdintasunaren ikuspegitik” egiten den aldaketa bat da eta, jada, egilearen oniritzia jasota dutenez, aurrera egingo luke.

Ereserkiaren aldaketa horrez gain, udalaren zerbitzura diharduten funtzionarioei eta kontratatutako langileei ordainsaria %0,5 igotzea onartu dute; hori ere, aho batez. Era berean, lanpostuen zerrendan aldaketak egitea onartu dute.

 

Argazkia: artxiboko irudia.