Apirilaren 25ean, ostegunarekin, hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea, Eskoriatzan. Orotara, 74 bertsolarik eman dute izena eta horietatik, 34 sailkatuko dira udazkenerako. Izena eman dutenen artean hiru getariar daude: Amets Aizpurua Mancisidor (2005), Danel Olano Eizagirre (1997) eta Libe Goenaga Arrieta (1999).

Hain justu, sailkapen faseko estreinako saioan parte hartuko du Goenagak, beste zazpi bertsolarirekin batera; apirilaren 25ean, 19:00etan, Eskoriatzako Zaldibar antzokian. Hurrengo egunean, apirilaren 26an, Aizpuruaren txanda izango da. Hark Zestoako kultur etxean egingo den saioan parte hartuko du. Olano, berriz, maiatzaren 5ean, Altzon arituko da.

Sailkapen faseak apirilaren 25etik ekainaren 2ra iraungo du eta bitarte horretan, 20 saio jokatuko dituzte, bi itzulitan. Saio horietarako sarrerak, dagoeneko, eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Lehen itzuliko 12 saioak ostegun nahiz ostiraletan izango dira. Bigarren itzuliko zortziak, berriz, larunbat eta igandetan.

Sailkapen faseko saio bat Getarian

Sailkapen faseko lehen itzuliko saioetako bat Getarian izango da; zehazki, maiatzaren 9an, 19:00etan hasita, Iturzaeta Herri Eskolako aretoan. Uxune Areizaga Aranberri getariarrak gidatuko du emanaldia eta Txomin Azpiroz De Pedro, Odei Lopez Larrauri, Oier Aizpurua Olaizola, Urko Arregi Markuleta, Jon Altuna Arteaga eta Ekain Tolaretxipi Errazti arituko dira bertsotan.

Txapelketako gai-jartzaileen artean, Areizagaz gain, Ane Ezenarro Beristain Getariako bizilaguna ere arituko da. Hark Orioko eta Elgetako saioak gidatuko ditu, hurrenez hurren, maiatzaren 3an eta ekainaren 1ean.

Bertso eskolen sorreraren urteurrena

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak bi ardatz nagusiren bueltan kokatu du aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa: batetik, pandemiaren ondoreneko berraktibazio testuinguruan eta bestetik, haurren bertso eskolen 50. urteurrenaren bueltan. Hain zuzen, txapelketako lehen hitzordua Eskoriatzan izateak badu bere arrazoia; bertan, duela 50 urte, haurren bertso eskolak sortu baitzituzten.

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak adierazi duenez, txapelketako sailkapen fasea gauzatu dadin ezinbestekoak dira bertsolariak, antolatzaileak, gai-jartzaileak, epaileak eta, oro har, bertsozaleak. Azaldu dutenez, “bertsolaritzaren ekosistema honetan lehengai hori sortzen dutenen lana eskertu eta lan horren aitortza egin nahi diegu bertso-eskolei: jakitun baikara beraiek direla aipatutako ekosistema horren eusle”.