Urola Kostako Udal Elkarteak duela urtebete baino gehiago abiatu zuen Zaindu Urola Kosta ekimena. Egitasmoak helburu du zaintza sektorea “profesionalizatzea” eta “kalitatezko” enplegua sustatzea.

Xede horri lotuta, maiatzean, adinekoen zaintza arloan lan egiten duten edo lan egin nahi duten pertsonei zuzenduta, doako euskara ikastaroa antolatu du UKUEk. Formakuntza saioak maiatzaren 6an hasi eta 17a bitartean emango dituzte eta langabezian dauden pertsonek izango dute lehentasuna.

Ikastaroan izena emateko epea, jada, zabalik dago eta interesdunek UKUEra deituta (943 890 808) edo lanpoltsa@urolakosta.eus helbidera idatzita eman dezakete izena. Udal Elkarteko lan poltsan apuntatuta egonez gero, esteka honen bitartez ere eman ahal izango du interesatuak izena.

Zaintza euskaraz

Eskualdean, adineko pertsonek harremanak euskaraz izatea eskatzen dute eta, beraz, euskaraz dakiten zaintzaileak baloratzen dituzte. Behar hori asetu asmoz antolatu dute 30 orduko euskara ikastaroa.

Ikastaroan zehar, zaintza arloan aritzeko oinarrizko hitzak irakatsiko dizkiete parte hartzaileei. Saioak arratsaldez izango dira, 15:00etatik 18:00etara, Oteitza Lizeo Politeknikoan (Gipuzkoa Kalea 5, Zarautz). Klaseak Zarauzko Udal Euskaltegiak emango ditu.