Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako posta bidezko botoa eskatzeko, bihar arteko epea izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko hautesle erroldan dauden herritarrek. Izan ere, bihar, apirilaren 11, izango da horretarako azken eguna.

Modu fisikoan nahiz digitalean eska daiteke posta bidezko botoa. Eskaera fisikoki egiteko, Correosen bulego guztietan eta Correosen, EINren nahiz Eusko Jaurlaritzaren webguneetan eskuratu daitezke paper-inprimakiak. Interesatuak inprimakiak eskuz bete, sinatu eta Correosen bulego batean entregatu beharko ditu. Eskaera online egitekotan, Correosen webgunea erabili beharko da. Bertan, ziurtagiri digital ofizial batekin (Izenpe, NAN elektronikoa…) sinatu beharko du interesatuak eskaera.

Behin eskaera eginda, beharrezko dokumentazioa eta boto paperak adierazitako lekuan jaso beharko ditu eskatzaileak aste honetan bertan –apirilaren 14a izango baita horretarako azken eguna–. Dokumentazio horrekin eta identifikazio agiri ofizial bat aurkeztuta, posta ziurtatuaren bidez eman ahal izango du herritarrak botoa, aurrez aurre, Correosen edozein bulegotan. Horretarako datorren asteazkena, hilaren 17a, arteko epea zegoen ezarrita baina, Huteskunde Batzordetik egun bat, apirilaren 18ra arte, luzatu dute, Correosen eskaerari erantzunez.

Horrez gain, Correosetik jakinarazi dutenez, posta bidezko botoak bideratzeko, larunbatean 100 bulego irekiko dituzte; 10:30etik 14:00etara.