2022az geroztik, urtero antolatzen dute Nerea Iribar eta Andoni Galarragaren lagunek pala memoriala. Helburua bi lagun horiei omenaldi moduko bat egitea da; izan ere, “2021ean, hainbeste maite eta estimatzen genituen bi lagun oso on galdu genituen, oso gazterik, eta kolpe gogorra izan zen inguruko guztiontzat”, diote egitasmoaren sustatzaileek.

Iribarrek eta Galarragak palarekiko afizioa partekatzen omen zuten eta hortik bururatu zitzaien euren lagunei, urtero, Nerea eta Andoni Pala Memoriala antolatzea: “Kirola eginez, elkarrekin elkartu eta gure lagunekin oroitzeko, omenaldi polit bat eginez eurei. […]. Memorian eta bihotzetan mantentzen den inor ez baita inoiz guztiz hiltzen”.

Pala memorialaren hirugarren edizioa

Aurtengo edizioa ekainaren 1ean egingo da –eguraldi ona eginez gero, frontoian eta txarra egingo balu, kiroldegian–. 09:30ean hasi eta 15:00ak aldera amaitzea aurreikusten dute antolatzaileek. Bikoteak mistoak izan beharko dira eta 16 urtetik gorako edonork hartu dezake parte.

Partidak kanporaketa moduan jokatuko dituzte; irabaziz gero, bikoteak aurrera egingo luke eta bestela kalera joango litzateke. Gehienez, 16 bikotek parte hartu ahal izango dute eta parte hartzaile kopuruaren arabera erabakiko dute zenbat tantotara jokatu partidak; 10, 12 edo 16 tantotara.

Maiatzaren 2tik 31ra egongo da zabalik izena emateko aukera. Horretarako, bikote interesatuak euren izen-abizenak eta telefono zenbaki bat bidali beharko dituzte palamemoriala@gmail.com posta elektronikora. Izen-ematea doakoa da eta hurrenkeraren arabera, lehenengo 16 bikotek hartu ahal izango dute parte.

Finalera iristen diren bi bikoteek, memorialeko laguntzaileek emandako detaile bana jasoko dute. Sari banaketaren ostean, parte-hartzaile, ikusle eta bertaratzen diren lagun guztientzat hamaiketakoa egongo da Berdura plazan.