Udalaren aburuz, “herritarrei hainbat gestio errazte aldera” sortutako ordenantza berria da. Ordenantzak aldez aurretiako lizentziarik behar ez duten hirigintzako jarduerak arautzen ditu. Ostiralean argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) eta orain, proposamenari ekarpenak egin ahal izateko, 30 egunez, jendaurrean egongo da.

“Orain arte, jarduerak eta lanak egiteko, lehendabizi, udal baimena lortzea izaten zen ohikoena. Zenbait kasutarako, ordea, legeak udalari aurrekomunikazioen figura erabiltzea ahalbideratzen dio. Getariako Udalak aukera hori aprobetxatu du ordenantza berri bat idazteko”, azaldu dute udaletik.

Udal ordenantza horri esker, garrantzi tekniko txikiko lanen kasuan, aldez aurretik idatziz egindako jakinarazpena nahikoa izango dute herritarrek esku-hartzeak martxan jartzeko; hala nola, etxeko akaberak aldatzeko, igogailua ordezkatzeko edota kaltegarriak edo arriskutsuak ez diren jarduerak egiteko. Alde Zaharrean ñabardurak daude eta aurrekomunikazioz bakarrik has daitezkeen esku-hartzeen zerrenda murritzagoa da, “gune horrek duen babes maila dela-eta”.

Aurrekomunikazioz izapidetzen diren jarduerak dokumentazioa aurkeztuta bakarrik has daitezkeenez, berauen jarraipena eta inspekzioi lanak areagotuko dituela adierazi du udalak.