Hazinnova proiektua Eusko Jaurlaritzak, Spri Taldeak, Innobasquek eta garapen agentziek, Urola Kostako Udal Elkartea barne, martxan jarritako egitasmoa da. Helburua da enpresa txiki eta ertainek (ETE) euren jarduna hobetzeko proiektu txikiak gauzatzea. Zehazki, hazi nahi duten eta produktu, prozesu, marketin zein antolakuntza arloetan berrikuntzak dakartzaten proiektuak dituzten ETEei zuzendutako doako aholkularitza zerbitzu espezializatua da.

Bost pertsona edo gehiagoko plantillak dituzten eta EAEn dauden enpresei begirako ekimena da. Enpresa horiek industria-jardueretan, industriari lotutako zerbitzuetan, informazioaren eta komunikazioaren gizartean, logistikan eta handizkako merkataritzan dihardutenak izan beharko dira. Programan izena emateko epea, dagoeneko, zabalik dago eta urriaren 24ra arte (hori barne), edota aurrekontua amaitu arte, luzatuko da horretarako aukera. Izen-ematea ondoko estekan egin daiteke.

Lehiakortasuna hobetzea helburu

Hazinnova proiektuaren xede nagusia da enpresen lehiakortasuna hobetzea. Hala, interesatuek ondorengo arloren bat hobetzeko jasoko dute aholkularitza teknikoa: ekonomiko-finantzarioa, barne administrazio prozesuak, ekoizpena, logistika, pertsonak, bezeroak, merkatu berria eta produktua. Enpresa bakoitzak, gehienez, bi proiektu egin ditzake aipatutako arlo horietan.

Proiektuek hiru hilabeteko epe muga izango dute eta inpaktu handia sortu beharko dute beren jarduera-eremuan.