Eskoriatzako saioarekin eman zaio hasiera Gipuzkoa Bertsotan bertsolari txapelketarako sailkapen faseari. Libe Goenaga getariarrak hartu zuen parte atzoko estreinakoan eta, 330 puntu eskuratuta, bera izan zen garaile.
Bigarren geratu zen Peru Aiartza (316,5 puntu), hirugarren Emaitz Murua (312,5 puntu), laugarren Andoitz Urdanpilleta (302,5 puntu), bosgarren Antton Fernandez (299,5 puntu), seigarren Asier Ibarguren (297,5 puntu), zazpigarren Jon Mata (269 puntu) eta zortzigarren Joar Garate (258 puntu). Binaka, zortziko handian, zortziko txikian eta hamarreko txikian aritu behar izan zuten guztiek; banaka, berriz, ganbaran, bi puntu erantzun eta bi bertso osatu zituzten.
Gaur, bigarren saioa

Gaur, Zestoan jokatuko da Gipuzkoa Bertsotaneko bigarren saioa. Bertan beste getariar bat izango da, aurten lehen aldiz txapelketarako lehian parte hartzen ari den Amets Aizpurua gaztea, hain zuzen ere. Saioa 19:00etan hasiko da eta sarrerak agortuta daude.

Aizpuruarekin batera ariko dira Eneko Araiztegi, Eneko Beretxinaga, Haizea Arana, Julen Zulaika eta Oihana Arana.

 

Argazkia: Bertsozale Elkartea