San Prudentzioko jaiei hasiera emanez, jende ugari bertaratu da gaur auzora. Bi mahai bete lagun elkartu dira bazkaritarako eta, urteroko ohiturari jarraituz, zurrukutuna eta zikiroa jan dituzte. Bazkalostea Unai Iturriaga eta Nerea Elustondo bertsolariek girotu dute. Nola ez, SPLko (San Prudentzioko Lagunak) kideek, hala nola, mozorroen eta maskaren bidez, umorea gehiago alaitzen lagundu dute.

Ondoren, Annie Ma Nera bikoteak emanaldi ederra eman du. Ahotsa eta gitarra musika tresna nagusi zituztela, abilezia handiarekin, doinu ugari jo dituzte. Atzetik, Babarrunba taldea taularatu da eta apurka-apurka giroa berotzen hasi da; itxura guztien arabera, gutxienez, ilundu arte luzatuko da festa.

Bihar, San Prudentzio egunez, beste hainbat ekintza egingo dituzte. 10:00etan, goizeko diana joz, txistulariak ibiliko dira auzoan zehar. 12:00etan, haurrei zuzendutako herri kirolen jolasak egingo dituzte. 12:30ean, Gure Txeruko dantzari txikiek emanaldia egingo dute eta 13:00etan, Ekain pailazoaren eskutik, Slapstik ikuskizuna izango da. Goizean zehar, gainera, Enbilen Pepitak trikitilari eta panderojole taldea ibiliko da auzoa alaitzen.

 

Lotutako albisteak: