Getariako kiroldegian hainbat hobekuntza lan egiteko beharra ikusi du udalak. Hala, bi proiekturen esleipen prozesuak abiatu ditu: batetik, estalkia eta aireztapena instalatzeko lanena eta bestetik, gimnasioko makinak berritzearena.

Estalkia eta aireztapena instalatzea

Udaletik azaldu dutenez, azken urteetan, Sahatsaga Kiroldegiko estalpearen zati bati itoginak eta bestelako arazoak sortu zaizkio. Horrek eragina du eraikineko hainbat txokotan, instalaziotan eta, nola ez, erabiltzaileengan. Arazoari irtenbidea emateko, udalak eskatuta, Pilar Aranaz Cordon arkitekto teknikoak exekuzio proiektua idatzi du. Orain, lan kontratuaren esleipena atera du argitara udalak.

Proiektuak bi esku-hartze nagusi aurreikusten ditu: estalkiaren zati bat zein itxitura-egiturak berreraikitzea eta aireztapena instalatzea. Exekuzio proiektuaren arabera, lan horien kostua 184.382,50 eurokoa (BEZ barne) izango da. Eginbeharrak uztailaren 1ean hasi eta, gehienez, hamar asteko epean amaitu beharko dituzte.

Gimnasioko makinak berritzea

“Kiroldegiko zerbitzuen artean dago erabiltzaile kopuru inportantea duen gimnasioa”, adierazi du udalak. Bertan, ariketa desberdinak egiteko makinak daude eta gehienak, duten urte kopuruaren ondorioz, “arazoak emateaz gain, erabiltzaileen beharretatik oso urrun daude”.

Gaian adituak direnekin egoera aztertuta, “gimnasioko lurra eta ia makina guztiak berritzea erabaki” du udalak. Aste honetan jarriko dute abian lan horien esleipen prozedura. Proiektuan aurreikusitakoaren arabera, 102.850 euroko (BEZ barne) inbertsioa eginez, muskulazioko eta kardioko 15 makina berri erosiko dituzte.

Argazkia: Getariako Udala