Gipuzkoako Arraun Federakuntzak antolatuta, atzo jokatu zuten Mutrikun trainerillen ligako lehenengo jardunaldia. Bertan, hiru ontzi getariarrek parte hartu dute; horietatik bi gizonezkoen kadete mailan eta bat gizonezko absolutuenean.

Gizonezko absolutuen kategoriako ontziak lan ederra egin du eta ligako aurrenengo estropadan, lehena izan da. Hala, bederatzi puntu lortuta, sailkapenaren buru jarri da. Edonola ere, lehia estu egon da eta sei segundoren baitan helmugaratu dira lehenengo bost ontziak. Lau luzeak egiteko 14:23,69ko denbora behar izan dute getariarrek. Bigarren sailkatua Hondarribia izan da, getariarrengandik zazpi milaretara, eta Donostiarra hirugarren, Getariarren ontzitik bi segundo eskaseko tartera.

Gizonezkoen kadete mailan, Getariako bi ontzi uretaratu dituzte; horietako bat mistoa. Gizonezkoen taldeak hirugarren egin du eta trainerilla irabazlea izan den San Pedrok baino zortzi segundo pasatxo gehiago behar izan ditu lanak egiteko. Ontzi mistoak, berriz, seigarren eta azken postuan amaitu du lehenenengo estropada.

Larunbatean, hilaren 4an, jokatuko dute bigarren jardunaldia Urumean eta hirugarrena Getarian izango da; hain justu, igandean, maiatzaren 5ean, 11:00etan hasita. Bertan, XII. Antxua Eguneko bandera lortzeko lehian arituko dira arraunlariak.

Lotutako albisteak: