Eskualdeko osasun-arloko ekintzaile, autonomo eta mikroenpresei zuzendutako prestakuntza saioak antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak. Saio guztiak SPRIk garatutako proiektu baten baitan emango dira eta helburua da, “aipatu hartzaileen negozio zein enpresak hobetzeko, teknologia berrien erabilpenari ahalik eta etekin handiena ateratzen erakustea”.

Prestakuntza jardunaldiok Udal Elkartearen egoitzan (Zarautz) egingo dira, ostiraletan, 09:30etik aurrera; zehazki, maiatzaren 17an eta 31n eta ekainaren 14an. Saio bakoitzak hiru orduko iraupena izango du eta dagoeneko, ondorengo estekan egin daiteke izen-ematea, doan.

Parte hartzaileek gai desberdinak jorratuko dituzte, hala nola, pazienteen arreta eraginkorra lortzeko gakoak, paziente berriak erakartzeko online ikusgarritasunaren optimizazioa eta egungo teknologiaz baliatuta kontsulta medikoen kudeaketaren hobekuntza. Horretarako, besteak beste, WhatsApp Business, laguntzaile birtualak edota marketin digitaleko tresnak (ChatGPT eta Copilot) erabiltzen ikasiko dute.

Talde-saioen ondoren, partaideek banakako tutoretza-saioa egiteko aukera izango dute. Horretarako, Udal Elkarteko instalazioak erabili ahalko dituzte, aurrez eskaera eginda.