Elkanoren gidaritzapean munduari emandako biraren 500. urteurrena tarteko, aurten, azken urteetan ez bezala, irailaren 6an egingo da Elkanoren Lehorreratzea. Bidaia haren bosgarren mendeurrena ez ezik, Getarian antzezten den lehorreratzearen lehenengo mendeurrena ere izango da.

Udaletik lehorreratzean boluntario modura parte hartzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei, “gure herriko ekitaldi hori aurrera eraman ahal izateko ezinbestekoak baitzarete”. Parte hartu nahi dutenek turismo bulegoan eman beharko dute izena ondoko ordutegian: egunero, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara. Horrez gain, telefonoz (943 140 957) edo posta elektronikoz (infoturismo@getaria.eus) ere egin ahal izango da. Uztaila bukatu baino lehen eman beharko dute interesatuek izena.