Koronabirusaren ondorioz, herriko jarduera ekonomikoa suspertzeko helburuarekin, aurten jartzekoa zen aparkaleku-sistema berriaren ezarpena hurrengo udara arte atzeratzea erabaki zuen Getariako Udalak. Itxialdia arindu ondoren egon den jende mugikortasuna dela eta, Udalak gaur jakinarazi duenez, aurtengo udan, herriko zenbait gunetako aparkalekuak egoiliarrentzat gordeko dira.

Guztira, 180 aparkaleku gordeko dira, eta horiek Getariako eremu desberdinetan banatuta egongo dira: Sahatsaga Goiko aparkalekua, Herrerieta kaleko Krixketaneko pasabide guztia, Balentziaga kalea eta Potzuaga kalea. Eremu horiek mapa honetan kontsultatu daitezke. Nolanahi ere, herritarrek gainontzeko eremuetan ere aparkatu ahal izango dute.

Kirol Portuaren aurreko zabalgunean aparkatzean, bisitariek lau orduko muga izango dute aurrerantzean; herritarrek, aldiz, ez dute ordu-mugarik izango. Bestalde, Artzapeko aldaparen amaieran dagoen lurpeko hondakin-gunea kendu egingo da, eta espazio hori zamalanetarako erabili ahal izango da.

Ekainaren erditik aurrera martxan

Beharrezko seinaleak ipini eta moldaketak egin ondoren, neurria ekainean zehar jarriko da martxan, eta irailaren 13a arte egongo da indarrean. Aparkaleku-sistema hori kudeatzeaz udaltzainak arduratuko dira. Era berean, moilako aparkalekuen kudeaketarako, urtero bezala, 11 langile kontratatu dira.

 

Lotutako albisteak: