Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez, “bihar hasiko da normaltasun berria Euskadin”. Gaur goizean sinatu du Iñigo Urkullu lehendakariak alarma egoera amaitutzat ematen duen dekretua. Hala, 00:00etatik aurrera, hirugarren fasea amaitutzat emango da eta Jaurlaritzak alarma egoerak iraun duen bitartean Espainiako Gobernuak hartutako neurriak indargabetu egingo ditu.

Gauerdian zabalduko da Bizkaia eta Kantabria arteko muga, eta datorren igandean, Schengen eremukoak. Hori dela eta, eremu hori osatzen duten 26 herrialdeen, Portugal izan ezik, arteko mugak ireki egingo dira.

Maskarak eta metro eta erdiko segurtasun tartea

Koronabirusaren aurkako txerto bat aurkitu bitartean, herritarrek maskara erabiltzen jarraitu beharko dute. Horrez gain, jende pilaketak saihestu beharko dira eta eta garbiketa neurriei garrantzi berezia emango zaie. Gainera, segurtasun distantzia, aurrerantzean, bi metrokoa izan beharrean metro eta erdikoa izango da.

Gune itxietan, garraio publikoan, edo metro eta erdiko distantzia errespetatu ezin den leku irekietan maskara erabiltzen ez dutenei, 100 eurorainoko isunak ezarriko zaizkie. Autoan ere maskara jantzita ibiltzen jarraitu beharko dute bertan doazenek, etxe berean bizi ez badira behintzat. Leku itxien edukiera muga %60koa izango da, baina ostalaritzan eta dendetan ez da gehienenzko jende kopururik egongo, betiere segurtasun tartea bermatzen bada. Futbol partidekin zer gertatuko den ez dute zehaztu. Diskotekak, berriz, zabaltzea posible izango da, baina dantzarako pistarik gabe.

Bihartik aurrera, bestalde, haur parkeak zabalduko dira, baina ume bakoitzak lau metro karratuko eremua izan beharko du. Herritarrak nahi adina lagunekin bildu ahalko dira, eta Hego Euskal Herrian nahiz Espainian zehar mugitzeko erabateko askatasuna izango dute.

 

Lotutako albisteak: