Gau berezia izan zen atzokoa, izan ere, hilabete askotako kultura geldialdiaren ondoren, kontzertu jendetsua eskaini zuen Eñaut Elorrieta musikariak Cristobal Balenciaga Museoan. Berezia baita ere abeslariarentzat, konfinamenduaren ostean, taldean emandako lehena baitzen.

Museoaren atarian hiru ilara zeuden, bakoitzaren aurrean boluntario bat. Erositako sarrera kopuruaren arabera, haietako batean jarri behar zuten ikusleek, eta baimena emandakoan pasa barrura. Izen-abizenak zehaztu eta eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbituta, eserlekura; horiek ere hartutako sarrera kopururaren arabera bereizita.

Eñaut Elorrieta eta musikariak iragarritako ordua pasata igo ziren oholtzara, eta Irteera argiak diskoko abestiekin ekin zioten kontzertuari. Hala ere, Deserriko kantak laneko hainbat ere interpretatu zituen, bakarka batzuk, taldean besteak. Bertsioren bat ere kantatu zuen.

Eskaintza faltarik ez zen izan, abeslariak gogoan izan baitzituen diskoko kantak inspiratu dituen bere aita, atzo bertan hil zen Joan Mari Torrealdai edo konfinamendu garaian elikagaiak zein bestelako ezinbesteko produktuak saltzen aritu direnak. Txalo zaparradekin hartu zituen publikoak haientzako hitzak.

Emanaldiaren amaieran, esker oneko agertu zen Elorrieta: “Plazera da herrian kantatzea”. Antolatzaileak ere izan zituen gogoan eta “kultura ekitaldiak seguruak dira” azpimarratu zuen.

Publikoan, maskarak tarteko, ezin ezpainen mugimendua antzeman, bai, ordea, gorputzena. Bat baino gehiagori kosta zitzaion aulkian egotea eta bukaera aldean batez ere, txaloekin jarraitu zioten abeslariari.

Ekitaldi berria Getarian.Gozatu.Kultura programan

Elorrietaren kontzertua, Getariako Udalak Getarian.Gozatu.Kultura egitarauaren barruan prestatutako lehenengoa izan zen. Irailera arte ekitaldi ugari egongo dira, eta gaur goizean bertan berri bat iragarri dute: profesionalen pilota partida abuztuaren 7an. Master CaixaBank Torneoaren baitan, Victor-Ruiz eta Zabala-Salaberri, eta Olaizola II-Zabaleta eta Ezkurdia-Aranguren partidak jokatuko dituzte, 22:00etatik aurrera.

 

Lotutako albisteak: