Uztaila amaieraz geroztik, Julian Ugarte artistaren margolanez osatutako Elkano erakusketa egon da ikusgai Getariako udaletxeko sarreran. Bertan, artista horrek eginiko hiru marrazki, bi serigrafi eta zortzi olio-pintura ikusteko aukera izan da.

Ugartek, dirudienez, betidanik adierazi izan dio bere familiari Elkanoren margolan bat edo beste Getariako herriari eskaintzeko nahia. Bere aburuz, herri hau baitzen margolan horiek edukitzeko lekurik aproposena.

Hala, margolariaren senitartekoak Getariako Udalarekin jarri ziren harremanetan, eta artistaren bildumako bi margolan dohaitzan utzi nahi zituztela adierazi zioten, betiere herriko eraikin publiko batean jartzekotan. Dohaitzan utzitako margolanetako bat Marrazkia III izan da. Bestea, berriz, erakusketak iraun bitartean ikusleen artean egindako inkesta baten bitartez aukeratu da. Guztira 324 boto jaso dituzte, eta boto gehien, 58, Irudia VII-k jaso ditu.

Beraz, aurrerantzean, margolariaren bi lan horiek Getariako herriaren esku geratzen dira. Udalak, Julian Ugarte margolari zenaren sendiari egindako dohaintza eskertu dio.

 

Lotutako albisteak: