Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak, Mikel Uribetxeberria Kudeaketa eta Plangintzako zuzendariak, Haritz Alberdi Getariako alkateak eta Aitor Urresti Getariako EAJko bozeramaileak Meagan bukatu berri duten biribilguneko lanak bisitatu dituzte gaur eguerdian. Oiarbidek adierazi duenez, “nabarmen” hobetu da segurtasuna bidegurutze horretan, “biribilgunearekin bidegurutzeko mugimenduak ordenatzeaz gain, abiadura mantsotzen delako”.

Asmo horrekin eta bertan dabiltzanen segurtasuna hobetzeko, biribilguneaz gain, semaforoa jarri dute Azkue hotelaren aurrean. Gainera, autobusentzako bi geraleku egin dituzte: bat, hotelaren aurrean, Getariatik joaten diren autobusentzat, eta bestea, Zestoatik Zarautzerako noranzkoan. Horietara gerturatu eta zain egoteko, berriz, espaloiak egokitu dituzte.

Oiarbidek azpimarratu du “ikusgaitasuna” irabazi dela biribilgunearekin, baita autobusekin sortzen den arazoa bideratzea ere: “Getariatik Meagara autobus txikiak ibiltzen dira eta ez zegoen lekurik handietatik txikietara trasbordoak egiteko. Orain lortu dugu horiek segurtasunez egiteko lekua”. Normalean trafiko askoko eremua ez izan arren, egindako lanak kostako errepidea ixten denerako mesedegarri direla adierazi du. Dena den, ez du zehaztu halako egoeretan transbordoak non eta nola egingo diren.

Alberdik ere segurtasuna eta mugikortasuna izan ditu hizpide: “Auzotarrentzat oso leku arriskutsua zen batetik bestera pasatzeko: kotxeak abiadura handian, irteteko oso arriskutsua zen bidegurutze bat… Kostako errepidea ixtean, trafiko dena goitik bideratzen zen, baita autobusak ere. Segurtasuna eta kalitatea zeuden hobetzeko. Honekin, urteetako behar bati erantzuten zaio eta getariarrentzat berri pozgarria da”.

Aurreikusi baino lehenago

Lanak abuztuaren amaieran esleitu zituzten eta bost hilabeteko epea aurreikusi zuten gauzatzeko. Uste baino lehenago amaitu diuzte, ordea, lau hilabete behar izan baitituzte. Denboran ez ezik, kostuan ere aurreztu dute, izan ere, 587.660 eurotan esleitu zituzten lanak 481.000 eurotan egin dituzte.

Getaria-Meaga, hurrengo erronka

Getariatik Meagara iristeko bideaz galdetuta, Oiarbidek azaldu du Getarian bertan hasten dela arazoa, eta lehen zati hori udalaren jabetza dela. Alberdik gaineratu du herrian badagoela eskari hori eta etorkizuneko erronka dela.

 

Lotutako albisteak: