Getariako Udaletik azaldu dutenez, martxan jarri dute Alde Zaharreko zenbait kaletan irisgarritasuna hobetzeko lanak esleitzeko prozesua. Dagoeneko irekita dago interesdunek proposamenak aurkezteko epea. Proposamen horiek, hain zuzen ere, Getariako Udaleko idazkaritzan aurkeztu beharko dira, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:00etara, iragarkia argitaratu eta hurrengo 20 egun balioduneko epean.

Lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 112.157,38 eurokoa da, BEZa barne. 2021eko aurrekontuetan onartutako “inbertsio nagusi eta garrantzitsuenetako bat” bezala definitu ditu lan horiek udalak. Era berean, azaldu du jarduketa horiek joan den urtean idatzitako irisgarritasun-plana izango dutela oinarri.

Hiru kaletan zoladura jarriko da

Arnao Jenerala, Elkano eta Aldamar kaleetan galtzada-harriek zenbait kolektibori sortzen dizkieten oztopoak gainditzeko asmoz, “80 zentimetroko zabalera duen zoladura lau eta irristagaitza jarriko da kalearen erdian”. Hala, “irisgarritasuna guztiz bermatuta izango dute herritarrek, baita gurpildun aulkiak, scooter elektrikoak zein haur-kotxeak erabiltzen dituztenek ere”, gaineratu du udalak.

Lurreko galtzada-harriaren zatirik handiena bere horretan geratuko da; izan ere, “Getariako Alde Zaharra eremu arkeologikotzat izendatuta dago, eta udalak estetika horri eustea lehenetsi du”. Irisgarritasuna bermatzeaz gain, lan hauen helburua herriaren memoria berreskuratzea dela azaldu dute: “Herriko harresi zaharraren trazatua erakusgai jarriko da, eta, horretarako, harresiaren trazatua pasatzen den tokian, zoladura aldatuko da”.

Lanak esleitu eta egiten hasten direnetik, jarduketak amaitzeko 12 asteko epea izango du esleipendunak. Udalak gaineratu du, bitarte horretan, beharrezko diren neurri guztiak hartuko dituztela herritarren joan-etorriak seguruak izan daitezen eta merkatariek zamaketa-lanak behar bezala egin ahal izan ditzaten. “Kaleak banan-banan eta zati txikitan zulatuko dituzte, eta zati bakoitza bukatu ondoren hasiko dira hurrengoarekin; beraz, kale guztiak ez dira aldi berean irekita egongo”.

 

Lotutako albisteak: